Jokoa ematen duen irakasgaia dela iruditzen zaigu, hau da, pentsatzeko adierazteko eta sentitzeko aukera ematen duen irakasgaia da. Guzti hau gainera bakoitzak bere erritmora egiteko aukera izan dugu eta horregatik, agian, oso atsegina egin zaigu.
Egin ditugun lan guztiak oso interesgarriak izan dira, hau da, guztiek bultzatzen gintuzten pentsatzera eta sentitzera eta hori gutxi balitz, emaitzak erabat motibagarriak izan dira eta honek ere lana gogotsu egitera bultzatu gaitu.
Bloga erabiltzen ere ikasi dugu. Hemen, gure lanen jarraipena egitea oso aberasgarria izan dela esan behar da. Izan ere, gure lanaren eboluzioa ikus daiteke eta eguneroko moduko honek, lanei jarraipena ematea ahalbidetu du.
Egindako irteerak (Koldo Mitxelenara eta Artelekura) era aipagarriak izan dira, unibertsitatean egin ditugun lehen irteerak izan baitira. Irteera bakoitzean ikusitakoarekin ere lan egin dugu eta egia esan museoen inguruan pentsatzen genuena aldatzeko balio izan dute.
Bartzelonako Arte Ederreko ikasleekin izan genuen elkarrizketa ere oso aberasgarria izan zen. Nahiz eta lotsatuta egon, egun horretarako egin genuen hausnarketak eta baita beraiek blog-ean idatzitakoak, pentsatzera eraman gintuzten eta agian inoiz bururatuko ez zitzaizkigun ideia berriei buruz huasnartzera.
Azkenik, Mikel Laboren proiektua egitea ere oso atsegina izan da. Gure lanarekin hasi aurretik, Mikel Laboaren abestiak entzunez marrazkiak egitea lagungarri suertatu zaigu, gure sentimenduak eta Mikel Laboa izan denaren inguruan hausnartzera eta adieraztera bultzatu baigintuen. Hala ere, gure artelana egitea ez da erraza izan. Asko kostatu zitzaigun ideia bat aurkitzea eta osatzea, baina emaitza ikusita, ahaleginak merezi izan duela aitortu behar dugu. Gure sentimenduak eta Mikel Laboaren inguruko hausnarketa islatzen duen lana egitea lortu baitugu.
Oro har, ikasgai honetan oso gustura sentitu gara, modu berri batean ikasten ikasi dugu eta aurrera begira gure irakasteko moduan erabilgarria izango zaizkigun hainbat ideia hartzeko aukera paregabea eskaini digu.