viernes, 28 de mayo de 2010

GURE LANAREN AURKEZPENA


Guk egin dugun lanaren bidez, Mikel Laboa gure inguruan izan dena adierazten saiatu gara, hau da, Mikel Laboren lanek gugan eta gure inguruan izan duten eragina eta sentiarazi digutena adierazi nahi izan dugu. Hau adierazteko argazkiez baliatu gara, guk geuk ateratako argazkiak erabili ditugu eta honez gain, adierazgarriak izan diren esaldiak ere tartekatu ditugu. Hauek guztiak, Mikel Laboak abesti batean erabiltzen duen “IKIMILIKILIKLIK” hitz bereziaren inguruan zintzilikatu ditugu.

BALORAZIO OROKORRA:

Jokoa ematen duen irakasgaia dela iruditzen zaigu, hau da, pentsatzeko adierazteko eta sentitzeko aukera ematen duen irakasgaia da. Guzti hau gainera bakoitzak bere erritmora egiteko aukera izan dugu eta horregatik, agian, oso atsegina egin zaigu.

Egin ditugun lan guztiak oso interesgarriak izan dira, hau da, guztiek bultzatzen gintuzten pentsatzera eta sentitzera eta hori gutxi balitz, emaitzak erabat motibagarriak izan dira eta honek ere lana gogotsu egitera bultzatu gaitu.

Bloga erabiltzen ere ikasi dugu. Hemen, gure lanen jarraipena egitea oso aberasgarria izan dela esan behar da. Izan ere, gure lanaren eboluzioa ikus daiteke eta eguneroko moduko honek, lanei jarraipena ematea ahalbidetu du.

Egindako irteerak (Koldo Mitxelenara eta Artelekura) era aipagarriak izan dira, unibertsitatean egin ditugun lehen irteerak izan baitira. Irteera bakoitzean ikusitakoarekin ere lan egin dugu eta egia esan museoen inguruan pentsatzen genuena aldatzeko balio izan dute.

Bartzelonako Arte Ederreko ikasleekin izan genuen elkarrizketa ere oso aberasgarria izan zen. Nahiz eta lotsatuta egon, egun horretarako egin genuen hausnarketak eta baita beraiek blog-ean idatzitakoak, pentsatzera eraman gintuzten eta agian inoiz bururatuko ez zitzaizkigun ideia berriei buruz huasnartzera.

Azkenik, Mikel Laboren proiektua egitea ere oso atsegina izan da. Gure lanarekin hasi aurretik, Mikel Laboaren abestiak entzunez marrazkiak egitea lagungarri suertatu zaigu, gure sentimenduak eta Mikel Laboa izan denaren inguruan hausnartzera eta adieraztera bultzatu baigintuen. Hala ere, gure artelana egitea ez da erraza izan. Asko kostatu zitzaigun ideia bat aurkitzea eta osatzea, baina emaitza ikusita, ahaleginak merezi izan duela aitortu behar dugu. Gure sentimenduak eta Mikel Laboaren inguruko hausnarketa islatzen duen lana egitea lortu baitugu.

Oro har, ikasgai honetan oso gustura sentitu gara, modu berri batean ikasten ikasi dugu eta aurrera begira gure irakasteko moduan erabilgarria izango zaizkigun hainbat ideia hartzeko aukera paregabea eskaini digu.

miércoles, 26 de mayo de 2010

HAURREN MARRAZKIA 3


Kasu honetan ere, zailtasunak izan ditugu marrazkia garai ebolutibo finko batean kokatzean. Izan ere, garai ezberdinetako ezaugarriak biltzen dituela iruditzen zaigu (aurreskematiko eta eskematiko garaikoak, batez ere).

Ezagutzen duena eta ikusten duena marrazten duela iruditzen zaigu (esaterako, badaki eguzkia eta euria egiten duenean, erromako zubia ateratzen dela eta hori oso ondo irudikatu du marrazkian!). Beste aldetik, bere menperapena errepikapenaren bitartez indartzen duela esan dezakegu (globoen kasua, adibidez). Elementu berean proportzioa lantzen duela esan dezakegu, baina agian elementu ezberdinen artean oraindik ez (tximeleta, esaterako, itsasontzia baina handiagoa da). Forma duen geometriagatik bereizten duela esango genuke, marrazkian argi ikusten den moduan.

martes, 25 de mayo de 2010

Maiatzaren 25a (asteartea)

Gaur ez gara klasera joan, bertan ezin baikenuen Mikel Laboaren gure proiektua egin. Hala ere, hirurok arratsaldeko 15:30etan elkartu gara, aurreko klasean behingoz, bururatu zitzaigun ideia gauzatzeko. Estitxuk zenbait aholku eman zizkigun eta azkenean ideia osatu genuen. Lehenik eta behin, Mikel Laboa gure herrian izan dena adierazten duten argazkiak atera ditugu astebukaeran. Orokorrean, Mikel Laboaren lanek sortzen dizkiguten sentimenduak adierazten dituzten argazkiak ateratzen saiatu gara. Gaur, argazki guztiak bildu ditugu eta hauez gain, hainbat esaldi ere pentsatu ditugu. Behin material guztia bilduta, lana egiteari ekin diogu. Argazkiak forma ezberdinetan moztu ditugu eta kolore ezberdinetako kartulinetan itsatsi, lanari informaltasun puntu bat ematearren . Ondoren pitekin lotu eta listoiean itsatsi ditugu txintxeten bidez. Argazkiez gain, “IKIMILIKILIKLIK” hitza jarri dugu, hasieratik pentsatuta baikeenuen. Hau gainera modu berezi batean jarri nahi genuen eta izar formako kartulinetan egitea erabaki genuen. Izan ere, “Izarren hautsa” abestia asko gustatzen zaigun abesti bat da eta gure bizitzetan esanahi berezia izan duen abestia gainera. Horrela, guztia listoietik zintzilikatu dugu eta gure lana osatu dugu. Mikel Laboa guretzat izan dena adierazten du lan honek eta aldi berean, bere lanek sortzen dizkiguten sentimenduak ere bai.

HAURREN MARRAZKIA 2


Egia esan ez zaigu erraza egiten marrazki hau zein etapa ebolutibotan aurkitzen den esatea; izan ere, etapa bakoitzeko ezaugarriak irakurri eta etapa bakoitzetik zerbait duela iruditzen zaigu.
Dena den, orokorrean, aurreskematiko garaian kokatu genuke. Alde batetik, marrazki honetan ezagutzen duena eta ikusten duena marrazten duela ikus dezakegu. Bestetik, elementuen atalak proportzionalak direla esan dezakegu: puxika eta bere soka, lorea eta bere petaloak… Gainera, formak desberdintzen dituela ikus dezakegu: lorearen erdiko biribila eta biribila inguratzen duten biribil txikiak (petaloak), esaterako. Kolore askotarikoa bada ere marrazkia, kasu batzuetan ez dio garrantzirik ematen koloreari, puxika guztien kolorea, adibidez, bera da. Errepikapena ere aipatzekoa delakoan gaude, puxika asko baitaude.

HAURREN MARRAZKIA 1


Egia esan emandako azalpenetan oinarrituta ez da erraza marrazki bat aztertzea. Izan ere, zenbait forma, kolore…ek zalantzak sortu dizkigute. Batzuetan zein garaitakoak diren ere ezin izan dugu, zehatz mehatz jarri, gure ustez, bi garaitako zantzuak ikusten baitziren.

Marrazki honetan kolore asko ikus ditzakegu, nahiz eta marrazten duena forma konstiente batean marraztu, ez da ondo bereizten zer den marraztu nahi duena. Horregatik, kolore aldaketen bidez forma ezberdinak adierazi nahi dituela pentsatzen dugu. Honekin beraz, marrazki hau aurreskematiko garaian kokatuko genuke. Halare, garai eskematikoko zantzuak ere ageri dira. Esaterako, forma zehatz bat bi aldiz errepikatzen duela ikus daiteke eta honek menperapena indartuko luke. Azkenik, errealismora iritsi nahian dagoela aipatu behar dugu, espazioari dagokionez, plano bat oinarritzat hartu baitu, belar antzekoa marraztu baitu.

viernes, 14 de mayo de 2010

MAIATZAK 14, ostirala

Klaseari hasiera emateko gelakideen hiru teknografia ikusi ditugu. Egia esan txundituta geratu gara, aze lan politak...
Gero, orain arte igo gabe genituen eguneorko jardunari buruzko nondik norakoen berri ematen duten iruzkinak igo ditugu, bazern garaia!!
Bigarren orduan Mikel Laboaren proiektuan egin dezakegunan pentsatzen hasi gara. Ideiaren bat edo beste badaukagu, baina nola egin... ez daukagu oso garbi!

MAIATZAK, 11 (asteartea)

Gaur bi abesti jarri dizkigu entzuteko, horietako bat musikan landu dugun Mikel Laboaren abestia. Gaur ere, entzuten ari ginen bitartean marrazki bat egiteko eskatu digu. Gaurko honetan, ordea, tenperak erabili ditugu margotzeko. Zenbat denbora tenperekin margotuko gabe! Marrazkiak egin ondoren, guztion marrazkiak batu eta musikograma osatu dugu.

MAIATZAK, 4 asteartea

Mikel Laboaren Izarren hautsa abestiaren bi bertsio ipini dizkigu, lehenengoa berea eta bestea Ken Zazpirena. Abesti bakoitza entzuten ari ginen bitartean, abestiak transmititzen zigunaren marrazki bat egiteko esan digu. Horretarako, mahai gainean orri zuriak, arkatzak eta mota ezberdineko margoak genituen. Marrazkiak amaitzean takillan gorde eta gure lanarekin jarraitu dugu, teknografiarekin.
Aurrekoan grabatu genuen bertsoa ez zen behar bezala entzuten eta berriro ere grabatzea erabaki dugu, gelakide bati bere mp4-a uzteko eskatuz, ea oraingo honetan hobeto entzuten den. Oraingo honetan ere barreak tartean izan dira, ezin tonua hartu… baina azkenean grabatu dugu eta aurrekoa baino hobeto entzuten da, beraz, ezin hobeto! Bideoan ipini dugu grabaketa eta esalditxo bat tartekatzea besterik ez zaigu falta!

APIRILAK 27-30

APIRILAK, 27 (asteartea)
Beste gelakoek berriro ere Bartzelonakoekin harremanetan jartzeko aukera izan dute. oraingo honetan guk ez dugu horretarako aukera izan, gure klase ordua ez baitator bat kataluniarren orduarekin.
Ezer baino lehen, haurren etapa ebolutiboak azaltzen dituzten power pointak aurkeztu dizkigu, haurren marrazkiak nola aldatzen diren eta etapa bakoitzean egindakoa nola begiratu behar den ikas dezagun.
Ondorengo zeregina teknografiarekin jarraitzea izan da. Azken grabaketekin bideoa osatu dugu eta abestiak hautatzen hasi gara, eta uste baino zailagoa izan da hori, ez dugu lortu gure ideiarekin bat datorren abestia aurkitzea, ez gara ados jarri… Azkenean, hala ere, ideia berri bat bururatu zaigu, bertso bat egin, grabatu eta hori ipintzea. Beste lan bat gehiago, bertsoa egitea, ez da erraza izango…

APIRLAK, 30 (ostirala)

Lehenik eta behin Mikel Laboaren proiektuaren berri eman digu, plastikan zer egingo dugun azalduz. Musikan Mikel Laboaren abesti bat esaiatzen gabiltza, instrumentu ezberdinekin, dantza eginez… Hemen, berriz, eskulturaren bat, marrazkiren bat… egin behar digula esan digu eta horretarako, ideiaren batean pentsatzen hasi beharko dugu, beraz.
Gero teknografiarekin jarraitu dugu jo eta su! Bertsoa egin dugu, baina laguntza apur bat jaso dugu, saiatu arren ez genuen lortzen bertsoa borobiltzea, errimak, neurria… gauza gehiegi ohituta ez gaudenontzat, bertsoa, hori bai dela artea! Bertsoa grabatu dugu gaur hasteko! Barre algarak tartean izan arren, lortu dugu grabatzea eta ondoren, bideoa osatzen jarraitu dugu, abestiak ere hautatu ditugu azkenean eta horiek ere bideoan ipini ditugu. Tarteal esalditxo bat edo beste falta zaigu, baina gaurko honetan ez daukagu gehiagorako denborarik, beraz, hurrengo batean jarraitu beharko dugu!

APIRILAK 23 ostirala

Gaur Estitxu ez da etorri, baina ordenagailu gela irekita izan dugu teknografiarekin jarraitu ahal izateko. Lehenengo zatia amaitua dugu eta beste zatiekin hasiko gara. Non gaude? Tartea laburra da eta hori segituan egin dugu, abestia oraindik hautatu ez badugu ere. Ondoren bigarren zatiarekin hasi gara, ideia batzuk bagenituen eta argazki batzuk ere bai gaurko aterata, beraz, bideoaren hirugarren zatiari hasiera eman diogu. Argazkien zatia amaitu dugu, efektuak jarri dizkiegu, ordenatu… eta abestiaren hautaketa hurrengo baterako utzi dugu, argazkien ondoren etorriko denean pentsatzen hasi gara. egun ona izan da gaurkoa ikusten denez, ondoren zer etorriko dugun erabaki dugu eta, arratsaldean geratu gara grabaketa egiteko!

APIRILAK 13-16

APIRILAK,13 (asteartea)
Gaurko egunerako Bartzelonako Arte Ederretako ikasleekin hitzordua genuen skype bidez eztabaida antzeko bat egiteko. Horretarako, aurrez blog bidez harremanetan jarri ginen galdera batzuei erantzunez eta besteen erantzunak irakurriz, ea gutaz ze pentsatzen zutela uste genuen, ea guk zer pentsatzen genuen eurei buruz…
Gelara iritsi eta Estitxuk ipinitako gosaria mahai gainean genuen: batidoa, zukua, gailetak… ze goxoa!! Bi gelakoak bildu eta mahaietan eseri ginen, pantailan genituen kataluniarrak. Aste Santuko oporretatik iritsi berriak ginen eta zertxobait galduta geunden, idatzi geunden, eta horrez gain, gazteleraz hitz egin beharrak asko mugatu gaitu, lotsa… Kataluniarrak izan dira gehien hitz egin dutenak, ez dakigu, irekiagoak direlako edo klaseak gu baino astebete lehenago hasi zituztelako eta prestatuago zutelako, baina… euren aldetik parte hartzea handiagoa izan zen. Hala ere, gure gelakide batzuk animatu ziren eta ondo asko azaldu zuten euren iritzia! Gu besteek ziotena entzuten egon ginen, eta gustura gainera!

APIRILAK, 16 (ostirala)
Gaur teknografia egiten aritu gara. Nondik gatoz? Zatia osatzeko beharrezko genuen materiala eskuetan genuen (bideoak grabatuta, argazkiak aterata, abestia hautatuta…), beraz, bideoa osatzeari ekin diogu, efektuak jarri, bideoak moztu, argazkiak ordenatu, esaldi egokiak prestatu… Orain bai, oraingo honetan itxura polita hartu du lehenengo zatiak, hurrengoan beste zatiarekin hasteko prest gaude beraz, ederki!

MARTXOAK 9-12

MARTXOAK, 9 (asteartea)
Gaurko klasea bi bideo ikusiz hasi dugu. Bideo hauetan artea eta plastika lantzeko modu ezberdinak ikusi ahal izan ditugu. Zehazki esateko, lehenengoa, Richard Serraren lan batean oinarritutakoa zen, praktiketako ikasle batek bost urteko haurren gelan burututako proiektu baten berri ematen duena. Bideo honekin konturatu gara plastika margoketa eta eskulana baino zerbait gehiago dela, haratago doan zerbait. Bigarren bideoa Zarauzko eskolan prkatikak egin zituen ikasle batek burututako ekimen batean oinarritu da. Bertan, eguraldi oneko arratsalde batea ikasleek Zarauzko hondartzara eginiko irteera ikusten da, inguruak margotzeko xedez. Aurrek euren materiala hartu (orria eta margoak) eta inguruneaz baliatu dira plastika lantzeko, bakoitzak bere erara, inongo azalpenik eman gabe, eurek inguruan ikusten dutena paperean islatzen saiatu dira.
Bideoaren ondoren, teknografiarekin jarraitzeko tarte bat izan dugu. Teknnografiak gero eta itxura hobea du egia esan, ideiak elkarren artean erlazionatzen hasi gara eta bideoaren lehenengo zatia gutxi gorabehera martxan daukagu. Grabaketak klasez kanpo egin beharrekoak dira, beraz, gelako denbora ideiak sortzeko aprobetxatu dugu.

MARTXOAK, 12 (ostirala)
Loiolako Arteleku museora irteera egin dugu gaur. (Martxoaren 31n publikatua)

MARTXOAK 2-5

MARTXOAK, 2 (asteartea)
Gaurko saioak bi zati izan ditu.
Lehenengo zatian, artikulu batzuk irakurri ditugu eta talde txikian hauei buruz hitz egin dugu, ideia eta iritzi batzuk azpimarratuz. Jarraian, talde bakoitzak bere iritzia, bitxia iruditu zaiona… aipatu die beste gelakideei, ideiak elkartrukatzen aritu gara.
Bigarren zatian, bideoarekin jarraitu dugu jo eta ke lanean. Pixkanaka ari gara itxura apur bat ematen bideoari. Zenbait ideia albo batera utzi behar izan ditugu, ez baitugu jakin horien nola ipini edo islatu bideoan. Hala ere, ideia berriak sortu zaizkigu eta horiekin lanean hasi gara.

MARTXOAK, 5 (ostirala)
Koldo Mitxelenara irteera egin dugu gaur. Bertara iritsi eta bertako arduradunak hitzaldi bat eskaini digu, artea garaikidea nola lantzen duten azalduz, nolako erakusketak izaten dituzten esplikatuz, material pedagogikoa nola prestatzen duten esanez… Aipatu digu, 11 urtetik beherako haurrek ezin dutela bertara joan eta honenbestez, Haur Hezkuntzako haurrekin ezingo ginateke bertara joan, dena den, webgune batzuen berri eman digute artea haurrekin nola landu daitekeen azaltzen dutenak.
Hitzaldiaren ondoren, esposizio batera joan gara; egia esan nahiko galduta sentitu gara, ez genuen ikusitako ezer ulertzen hasiera batean. Hala ere, emandako azalpenei esker zertxobait ulertu dugu. Gutako bi ez ginen sekula bertan izan eta gutako bat aurrez bertan egonda bazegoen ere, ez zekien hainbeste baliabide eskaintzen zituenik, liburutegi soil bat zelakoan zegoen. Irteera beraz, oso aberatsa eta interesgarria iruditu zaigu!

OTSAILAK 23-26

OTSAILAK, 23 (asteartea)
Aurreko egunetan eskainitako materialetan oinarrituz, aurreko egunean hasiera eman genion gidoitxoa osatzen jarraitu dugu. Zailtasunak zailtasunen atzetik, egia esan nahiko galduta gaude, ideia asko ditugu, baina horiek bideoan nola islada ditzakegun pentsatu beharrean gaude. Eta pentsatu eta pentsatu ari gara, baina… aze buruhaustea!! Espero dugu apurka-apurka gure ideiak elkarlotuz joango garela…

OTSAILAK, 26 (ostirala)
Gaurko klasean artikulu bat irakurri dugu, garai bakoitzean plastikaren arloa lantzeko legeei buruzkoa eta behin hori irakurrita, gure burua garai batean kokatu dugu. Jarraian, proposatuko genituzkeen aldaketak zerrendatu ditugu eta baita aldaketa horiek burutu ahal izateko zenbait jardueretan pentsatu ere. Ondoren, artikuluaren laburpentxo bat egin eta aldaketak eta jarduerak batu ditugu, iruzkin bat idatziz. (Martxoaren 23an publikatua)

OTSAILAK 16-19

OTSAILAK, 16 (asteartea)
Gaurko klasean bi jarduera burutu ditugu.
Alde batetik, aurreko klasean bakoitzak egindako autobiografia taldekideen artean komentatu dugu. Bakoitzaren esperientzia, ikastetxe ezberdinetan ikasi arren, oso antzekoa zela ohartu ginen, azken batean, gero eta helduagoak izan plastikarekin izandako lotura gero eta txikiagoa izan dela eta gure ikastetxetan ez zitzaiola behar adina garrantzi eta denbora eskaintzen irakasgai honi. Gauzak horrela, hiruron autobiografietatik ideia amankomunak atera eta autobiografia bateratu bat idatzi dugu. (Otsailaren 23an publikatua)
Bestetik, “El papel de la formación en las historias de la vida docente” artikulua irakurri dugu eta jarraian, testuko ideia nagusiak atera eta horiei buruzko gogoeta egin. (Otsailaren 23an publikatua)

OTSAILAK, 19 (ostirala)
Klaseari hasiera emateko bi bideo ikusi ditugu. Bideo hauek iazko urteetako ikasleek egindako teknografiak izan dira, geurea egiten hasi aurretik ideia batzuk har ditzagun. Lehenengo bideoan protagonistaren heziketaren inguruko ibilbidea kontatzen du eta bigarrenean, ikasle batzuek sormenaren inguruan izan duten esperientzia adierazten zuten.
Bideoa ikusi ostean, etxetik ekarri genituen eskulanak elkarri erakusten haritu ginen, bakoitzak ikastetxe ezberdinean ikasitakoak garenez, lanak ezberdinak baitira.
Eskulanak ikusi ondoren, bideoa nola egin pentsatzen hasi gara. Denon artean ideia batzuk aipatu ditugu eta gidoitxo bat egin.

OTSAILAK 12 ostirala

Gaurko klasean taldekide bakoitzak bere bizitzan plastikarekin izandako esperientziari buruzko autobiografia egin du, iaz Garapen Psikomotorean Luisperekin egin genuen bezala. Honek, gure bizipenei buruzko hausnarketa egiteko aukera eman digu, garai haiek ahaztuak genituelakoan geunden, baina ez, Lehen Hezkuntzatik aurrera plastikarekin izandako loturaz ondo asko gogoratu gara!
Gero bideo bat ikusi dugu eta bideoari buruzko iruzkin bat idatzi gure bloga estreinatzeko! (Otsailaren 12an publikatua)

miércoles, 31 de marzo de 2010

Artelekura bisita

Hilaren 13an, Donostiako Artelekura egin genuen bisita. Iritsi eta bertan genuen gida zain, Arteleku ezagutarazteko prest. Bertako txoko guztiak goitik behera erakutsi zizkigun, azalpen egokiz lagunduta. Egia esan, gutako inor ez ginen aurretik bertan izan eta oso inpresio onarekin atera ginen. Ez genuen espero nahi duenak bertara joan eta bere lanak egiteko aukera duenik. Museo bat bakarrik izango zela pentsatzen genuen, bertako erakusketak ikusteko aukera bakarrik zegoena.

Behin bisita gidatua amaitu genuenean, liburutegira joan ginen eta gure gaiari buruzko informazioa bilatzeari ekin genion. Guk aukeratutako gaia argazkilaritza da. Egia esan, gure buruak nahiko galdurik ikusi genituen, liburu ugari esku artean izan arren, ez genekielako nola erabili gure gaia lantzeko. Irakaslearen laguntzaz German Gomezen “yo, tú, el, ella, nosotros, nosotras, vosotros, vosotras, ellos y ellas” liburuari zukua atera nahian hasi ginen. Bertan, Down Sindromea duten haurrak agertzen dira, emozio ezberdinak adieraziz, batez ere, aurpegiaren espresioan zentratuz. Liburua ikustearekin soilik ez genuen jakin zer erabilera eman eta berriro irakaslearengana jo genuen. Azkenik, liburua irakasle eta ikasleen arteko bitarteko gisa erabiltzea egokia izango zela iruditu zitzaigun, hau da, haurrei bertan agertzen zena ipuin gisa kontatuko genieke, tartean elkarrizketak sartuz, euren bizipenak adierazteko… Gainera, elkarrizketa soil batean artearekin lotura zuzena duten zenbait kontzeptu lantzeko aukera ematen digu liburuak: fondo beltzaren erabilera, kolorezko eta txuri beltzeko argazkiak, difuminazioa…

martes, 23 de marzo de 2010

zer garaikoak gara? zer gehiago landu daiteke?

90. hamarkadan jaio ginela kontuan izanda, gure hezkuntza artistikoa eta ikus kultura LOGSE legean oinarritu zela esan dezakegu. Honen arabera, hezkuntza imajinen komunikazio eta hizkuntzetan oinarritzen hasi zen, gure arloko edukiak zabalduz: kartelak, diseinua, argazkilaritza eta komikia. Horrez gain, imajinak irakurtzeko gaitasunean heztea garrantzi handia hartzen hasi zen eta ondorioz, lanak ikus-pertzepzioan eta imajinaren oinarrizko elementuetan oinarritzen hasi ziren, besteak beste.

Gure kasuan, hezkuntza artistikoa gidatuegia zela esan dezakegu, askatasun gutxikoa, muga ugarikoa. Izan ere, gure kabuz esperimentatzeko eta pentsatzeko aukerak oso urriak ziren, irakasleak esaten zigun zer eta nola egin. Horregatik, egin behar dugun horretan pentsatzeko aukera eta denbora ematea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Hala ere, horrek ez du esan nahi irakasleak zer irakatsi ez duenik; bere lana izango da haurraren pentsatzeko eta lan egiterako orduan, baliabide eta laguntza egokiak ahalbideratzea, giro aproposa bermatuz. Gehienbat bakarkako lana zen gurea; horregatik, beste ikasleekin batera aritzeko (gure ideiak adierazi, besteenak entzun…) aukera hori faltan bota genuen.

Hortik abiatuta, egingo genituzkeen aldaketetako batzuk honako hauek dira:
Elkarrekintzan oinarritzea.
Baliabide material egokia izatea.
Formakuntza egokia jasotako giza baliabideak izatea.
Barneko emozioak kanporatzeko aukera ematea.
Pentsatzeko askatasuna izatea, pentsatzen ikasteko aukera izatea. Sormena eta irudimena lantzeko aukera handiagoa izatea.
Eredu bat baino gehiago ontzat ematea.
Behar adinako denbora eskaintzea, bakoitzaren erritmoa errespetatuz.

Aldaketa hauek guztiak lantzeko honako jarduera hauek proposatuko genituzke:
· Mota ezberdinetako materiala jarriko dugu haurren eskura eta libreki nahi dutena egiteko aukera emango diegu. Esaterako, animaliak lantzen ari bagara, ez genioke esango zein animalia egin eta nola. Haurra bera izango da egin nahi duen animalia hori hautatu eta nola egin pentsatuko duena.
· Paper handi bat eta tenperak eman haurrei eta eskuak bertan bustiz, euren emozioak kanporatzeko aukera ematea.

martes, 23 de febrero de 2010

GURE AUTOBIOGRAFIA

Lehenik eta behin, bakoitzak bere autobiografia egin dugu plastikaren inguruan izan ditugun bizipenak kontatuz. Ondoren, taldean elkartu eta elkarri bizipen hauek kontatu dizkiogu, esperientzia ezberdinak ezagutuz. Behin hori eginda, ideia nagusiak ateratzeari ekin diogu eta orokorrean, ondorio batera iritsi gara: plastika beste irakasgaien (matematika, hizkuntzak…) azpitik zegoela eta gaur egun ere, horrela jarraitzen duela iruditzen zaigu.

Gure esperientziak erakutsi digu, plastika irakasgai bat baino gehiago, ondo pasatzeko tarte bat zela. Beste irakasgaiak, zailak, neketsuak eta asko ikasi beharrekoak ziren bitartean, plastika erraza, dibertigarria eta arina zen. Garbi ikusi dugu plastikak ikasleontzako ez duela izan beste irakasgaiak bezainbesteko garrantzirik. Gure ustez, testuinguruaren eragina aipatu behar da. Izan ere, irakasleen, familiaren… (orokorrean, gizartearen) jarrerak eta ikas-prozesuaren antolamenduak horretara bultzatu gaitu. Ikusi besterik ez dago, astean zehar plastikari ematen zitzaion ordu kopurua (astean 2 ordu, asko jota), ordutegian zuen tokia (ostiral arratsaldea)…Ez zen berdin baloratzen plastikako eta matematikako nota: bigarren honi denok garrantzia handiagoa ematen genion.

¿QUÉ ESTÁ PASANDO?

Testua egungo irakasleen formakuntzaz mintzo da, hasierakoaz eta jarraian jasotzen dutenaz (edo jaso beharko luketenaz). Irakasleen formakuntza aipatzen denean, honen oinarria eta garrantzi handiena duena, irakaslearen hasierako formazioa, hasierako ikasketa horiek direlakoan gaude. Ikasketa horiek unibertsitatearen esku daude eta hori dela eta, unibertsitateak izan behar du formakuntza egoki bat emateko bide, baliabide, irizpide… aproposak hautatuko dituena. Garrantzi handiko bideetako bat eta aipatu beharrekoa iruditzen zaiguna praktiken kontua dela uste dugu; izan ere, esperientziak eta elkarrekintzak asko laguntzen digulakoan gaude gure ikaskuntza prozesuan.
Hasierako formazioari jarraipena ematea ere garrantzi handikoa delakoan gaude, gizartea aurrera doan heinean irakaslearen ezagutzak ere eguneratzen joan behar baituelakoan baikaude. Praktiketan egon garen ikastetxean ikusi dugu irakasleak ikastaroetara joan direla (adimen emozionalari buruzkoetara, konpetentzien berri ematen duten ikastaroetara…), ikasketak amaituta izan arren ikasten jarraitzea ezinbesteko ikusten dutelako.
Irakaslearen formakuntzaz ari gara, baina nahikoa ez delakoan gaude. Guraso askok uste dute, euren haurren hezkuntza irakaslearen menpe dagoela soilik; eta ideologia hori dela eta, ez dute euren haurra edonoren esku utzi nahi, irakasle kualifikatu bat nahi dute, irakasle formatua, baremo batzuk betetzen dituena. Ez gaude ados, ordea, pentsaera honekin; izan ere, hezkuntza, komunitate bat delakoan gaude, irakasleaz gain, eskolak berak eta hezkuntza sistemak zerikusi zuzena dutena. Horregatik, formakuntza hori hezkuntza sisteman ere egin beharreko zerbait delakoan gaude, honek eragin nabarmena baitu irakasleengan eta eskolaren funtzionamenduan.

jueves, 18 de febrero de 2010

Sarreraren inguruko komentarioa

Egia esan ez da erraza sarreraren inguruko komentario bat egitea. Izan ere, informazio asko jaso dugu denbora laburrean eta gauza asko berriak dira guretzat. Hala ere, esan dezakegu guk hasieran ikasgai honetan egitea espero genuena beste zerbait zela, izandako esperientziagatik, plastika eskulanak egitearekin lotzen baitugu.

Irakasleak emandako azalpenarekin, elkarrekintzaren bidez eta guztiok elkarrekin ikasi behar dugula ulertu dugu. Aldi berean, irakasleak teknologia berriei garrantzi handia ematen diela konturatu gara. Honek beldur pixka bat eman digu, izan ere, beste irakasgai batzuetan, zenbait lan ordenagailuz egitean zailtasun batzuk izan ditugu. Hala ere, guri ere teknologia berriak oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigu, oso baliagarriak izan baitaitezke eta aldi berean aukera asko eskaintzen baitizkigute.

Jarraipen bat eskatzen duen ikasgaia dela ere iruditu zaigu eta jarraipen horren bidez ikasiko dugulakoan gaude. Beraz, pixkana pixkanaka eta lanen bidez osatuko dugu azken emaitza, bideoa.

Orokorrean teknologia berriez baliatuz, beste modu batera lan egingo dugula uste dugu eta hainbat lanen bidez eta besteen lanak ikusiz, gure ezagutza zabalduko dugulakoan gaude.

viernes, 12 de febrero de 2010

Bideoaren komentarioa

Bideo honetan Ken Robisonek haurren talentua ez dugula aprobetxatzen dio. Bere ustez, sormena alfabetatzea bezain garrantzitsua da eta ondorioz, hezkuntzan landu beharrekoa.

Gu ere guztiz ados gaude berak esaten duenarekin, oso garrantzitsua iruditzen baitzaigu haurrek beraien irudimena lantzea, besteen irudimenetik ikastea eta irakaslearen laguntzaz duten talentuari probetxua ateratzea.

Guk bizi izandakoari dagokionez, nahiz eta asko ez garen gogoratzen, esan dezakegu sormena batez ere jolas librean lantzen genuela, atsedenaldian. Bestelako ekintzak (gela barrukoak, batez ere) irakasleak gidatzen zituen eta haurrok ez genuen aukerarik geure irudimen hori lantzeko. Irakasleak esaten zuen zer egin eta nola egin. Gaur egun, berriz, pixkanaka gauzak aldatzen ari direla ikusi ahal izan dugu praktiketan. Izan ere, haurren iritziak, aurreikuspenak, ideia berriak… gehiago hartzen dira kontutan. Honen adibide dugu, esaterako, irakasleak, fitxa bat egin aurretik, bertan zer egin beharko duten asmatzeko aukera uztea. Ea, zer ikusten duzue fitxa honetan? Zer egin beharko dugu? Horrela haur bakoitzak iruditzen zaiona esateko aukera du eta besteena entzutekoa ere bai. Hala ere, esan behar da era honetan irudimena ez dela modu aske batean lantzen, azken batean, jarduera nola egin behar den finkatuta baitago. Bestalde, zenbait hormairudi irudimena eta sormena lantzeko egokiak direla iruditzen zaigu. Esaterako, gu praktiketan egon garen denboraldian, San Tomas eguneko hormairudiaren lanketa ikusteko aukera izan genuen eta bertan haurren uste eta iritzi guztiak baliogarriak direla konturatu ginen.

Gaur egun dena erraz eta eskura dugunez, gure gizarte honetan sormenak eta irudimenak gero eta leku gutxiago duela iruditzen zaigu. Hau hein handi batean, “batzuen” interesen ondorio dela uste dugu, hauei denok berdinak, isilak eta esanekoak izatea komeni baitzaie. Horregatik, haurrei beraien nortasun pertsonala garatzen lagunduko diegu, norberaren irudimena eta sormena oinarri hartuz.