viernes, 28 de mayo de 2010

GURE LANAREN AURKEZPENA


Guk egin dugun lanaren bidez, Mikel Laboa gure inguruan izan dena adierazten saiatu gara, hau da, Mikel Laboren lanek gugan eta gure inguruan izan duten eragina eta sentiarazi digutena adierazi nahi izan dugu. Hau adierazteko argazkiez baliatu gara, guk geuk ateratako argazkiak erabili ditugu eta honez gain, adierazgarriak izan diren esaldiak ere tartekatu ditugu. Hauek guztiak, Mikel Laboak abesti batean erabiltzen duen “IKIMILIKILIKLIK” hitz bereziaren inguruan zintzilikatu ditugu.

BALORAZIO OROKORRA:

Jokoa ematen duen irakasgaia dela iruditzen zaigu, hau da, pentsatzeko adierazteko eta sentitzeko aukera ematen duen irakasgaia da. Guzti hau gainera bakoitzak bere erritmora egiteko aukera izan dugu eta horregatik, agian, oso atsegina egin zaigu.

Egin ditugun lan guztiak oso interesgarriak izan dira, hau da, guztiek bultzatzen gintuzten pentsatzera eta sentitzera eta hori gutxi balitz, emaitzak erabat motibagarriak izan dira eta honek ere lana gogotsu egitera bultzatu gaitu.

Bloga erabiltzen ere ikasi dugu. Hemen, gure lanen jarraipena egitea oso aberasgarria izan dela esan behar da. Izan ere, gure lanaren eboluzioa ikus daiteke eta eguneroko moduko honek, lanei jarraipena ematea ahalbidetu du.

Egindako irteerak (Koldo Mitxelenara eta Artelekura) era aipagarriak izan dira, unibertsitatean egin ditugun lehen irteerak izan baitira. Irteera bakoitzean ikusitakoarekin ere lan egin dugu eta egia esan museoen inguruan pentsatzen genuena aldatzeko balio izan dute.

Bartzelonako Arte Ederreko ikasleekin izan genuen elkarrizketa ere oso aberasgarria izan zen. Nahiz eta lotsatuta egon, egun horretarako egin genuen hausnarketak eta baita beraiek blog-ean idatzitakoak, pentsatzera eraman gintuzten eta agian inoiz bururatuko ez zitzaizkigun ideia berriei buruz huasnartzera.

Azkenik, Mikel Laboren proiektua egitea ere oso atsegina izan da. Gure lanarekin hasi aurretik, Mikel Laboaren abestiak entzunez marrazkiak egitea lagungarri suertatu zaigu, gure sentimenduak eta Mikel Laboa izan denaren inguruan hausnartzera eta adieraztera bultzatu baigintuen. Hala ere, gure artelana egitea ez da erraza izan. Asko kostatu zitzaigun ideia bat aurkitzea eta osatzea, baina emaitza ikusita, ahaleginak merezi izan duela aitortu behar dugu. Gure sentimenduak eta Mikel Laboaren inguruko hausnarketa islatzen duen lana egitea lortu baitugu.

Oro har, ikasgai honetan oso gustura sentitu gara, modu berri batean ikasten ikasi dugu eta aurrera begira gure irakasteko moduan erabilgarria izango zaizkigun hainbat ideia hartzeko aukera paregabea eskaini digu.

miércoles, 26 de mayo de 2010

HAURREN MARRAZKIA 3


Kasu honetan ere, zailtasunak izan ditugu marrazkia garai ebolutibo finko batean kokatzean. Izan ere, garai ezberdinetako ezaugarriak biltzen dituela iruditzen zaigu (aurreskematiko eta eskematiko garaikoak, batez ere).

Ezagutzen duena eta ikusten duena marrazten duela iruditzen zaigu (esaterako, badaki eguzkia eta euria egiten duenean, erromako zubia ateratzen dela eta hori oso ondo irudikatu du marrazkian!). Beste aldetik, bere menperapena errepikapenaren bitartez indartzen duela esan dezakegu (globoen kasua, adibidez). Elementu berean proportzioa lantzen duela esan dezakegu, baina agian elementu ezberdinen artean oraindik ez (tximeleta, esaterako, itsasontzia baina handiagoa da). Forma duen geometriagatik bereizten duela esango genuke, marrazkian argi ikusten den moduan.

martes, 25 de mayo de 2010

Maiatzaren 25a (asteartea)

Gaur ez gara klasera joan, bertan ezin baikenuen Mikel Laboaren gure proiektua egin. Hala ere, hirurok arratsaldeko 15:30etan elkartu gara, aurreko klasean behingoz, bururatu zitzaigun ideia gauzatzeko. Estitxuk zenbait aholku eman zizkigun eta azkenean ideia osatu genuen. Lehenik eta behin, Mikel Laboa gure herrian izan dena adierazten duten argazkiak atera ditugu astebukaeran. Orokorrean, Mikel Laboaren lanek sortzen dizkiguten sentimenduak adierazten dituzten argazkiak ateratzen saiatu gara. Gaur, argazki guztiak bildu ditugu eta hauez gain, hainbat esaldi ere pentsatu ditugu. Behin material guztia bilduta, lana egiteari ekin diogu. Argazkiak forma ezberdinetan moztu ditugu eta kolore ezberdinetako kartulinetan itsatsi, lanari informaltasun puntu bat ematearren . Ondoren pitekin lotu eta listoiean itsatsi ditugu txintxeten bidez. Argazkiez gain, “IKIMILIKILIKLIK” hitza jarri dugu, hasieratik pentsatuta baikeenuen. Hau gainera modu berezi batean jarri nahi genuen eta izar formako kartulinetan egitea erabaki genuen. Izan ere, “Izarren hautsa” abestia asko gustatzen zaigun abesti bat da eta gure bizitzetan esanahi berezia izan duen abestia gainera. Horrela, guztia listoietik zintzilikatu dugu eta gure lana osatu dugu. Mikel Laboa guretzat izan dena adierazten du lan honek eta aldi berean, bere lanek sortzen dizkiguten sentimenduak ere bai.

HAURREN MARRAZKIA 2


Egia esan ez zaigu erraza egiten marrazki hau zein etapa ebolutibotan aurkitzen den esatea; izan ere, etapa bakoitzeko ezaugarriak irakurri eta etapa bakoitzetik zerbait duela iruditzen zaigu.
Dena den, orokorrean, aurreskematiko garaian kokatu genuke. Alde batetik, marrazki honetan ezagutzen duena eta ikusten duena marrazten duela ikus dezakegu. Bestetik, elementuen atalak proportzionalak direla esan dezakegu: puxika eta bere soka, lorea eta bere petaloak… Gainera, formak desberdintzen dituela ikus dezakegu: lorearen erdiko biribila eta biribila inguratzen duten biribil txikiak (petaloak), esaterako. Kolore askotarikoa bada ere marrazkia, kasu batzuetan ez dio garrantzirik ematen koloreari, puxika guztien kolorea, adibidez, bera da. Errepikapena ere aipatzekoa delakoan gaude, puxika asko baitaude.

HAURREN MARRAZKIA 1


Egia esan emandako azalpenetan oinarrituta ez da erraza marrazki bat aztertzea. Izan ere, zenbait forma, kolore…ek zalantzak sortu dizkigute. Batzuetan zein garaitakoak diren ere ezin izan dugu, zehatz mehatz jarri, gure ustez, bi garaitako zantzuak ikusten baitziren.

Marrazki honetan kolore asko ikus ditzakegu, nahiz eta marrazten duena forma konstiente batean marraztu, ez da ondo bereizten zer den marraztu nahi duena. Horregatik, kolore aldaketen bidez forma ezberdinak adierazi nahi dituela pentsatzen dugu. Honekin beraz, marrazki hau aurreskematiko garaian kokatuko genuke. Halare, garai eskematikoko zantzuak ere ageri dira. Esaterako, forma zehatz bat bi aldiz errepikatzen duela ikus daiteke eta honek menperapena indartuko luke. Azkenik, errealismora iritsi nahian dagoela aipatu behar dugu, espazioari dagokionez, plano bat oinarritzat hartu baitu, belar antzekoa marraztu baitu.

viernes, 14 de mayo de 2010

MAIATZAK 14, ostirala

Klaseari hasiera emateko gelakideen hiru teknografia ikusi ditugu. Egia esan txundituta geratu gara, aze lan politak...
Gero, orain arte igo gabe genituen eguneorko jardunari buruzko nondik norakoen berri ematen duten iruzkinak igo ditugu, bazern garaia!!
Bigarren orduan Mikel Laboaren proiektuan egin dezakegunan pentsatzen hasi gara. Ideiaren bat edo beste badaukagu, baina nola egin... ez daukagu oso garbi!

MAIATZAK, 11 (asteartea)

Gaur bi abesti jarri dizkigu entzuteko, horietako bat musikan landu dugun Mikel Laboaren abestia. Gaur ere, entzuten ari ginen bitartean marrazki bat egiteko eskatu digu. Gaurko honetan, ordea, tenperak erabili ditugu margotzeko. Zenbat denbora tenperekin margotuko gabe! Marrazkiak egin ondoren, guztion marrazkiak batu eta musikograma osatu dugu.

MAIATZAK, 4 asteartea

Mikel Laboaren Izarren hautsa abestiaren bi bertsio ipini dizkigu, lehenengoa berea eta bestea Ken Zazpirena. Abesti bakoitza entzuten ari ginen bitartean, abestiak transmititzen zigunaren marrazki bat egiteko esan digu. Horretarako, mahai gainean orri zuriak, arkatzak eta mota ezberdineko margoak genituen. Marrazkiak amaitzean takillan gorde eta gure lanarekin jarraitu dugu, teknografiarekin.
Aurrekoan grabatu genuen bertsoa ez zen behar bezala entzuten eta berriro ere grabatzea erabaki dugu, gelakide bati bere mp4-a uzteko eskatuz, ea oraingo honetan hobeto entzuten den. Oraingo honetan ere barreak tartean izan dira, ezin tonua hartu… baina azkenean grabatu dugu eta aurrekoa baino hobeto entzuten da, beraz, ezin hobeto! Bideoan ipini dugu grabaketa eta esalditxo bat tartekatzea besterik ez zaigu falta!

APIRILAK 27-30

APIRILAK, 27 (asteartea)
Beste gelakoek berriro ere Bartzelonakoekin harremanetan jartzeko aukera izan dute. oraingo honetan guk ez dugu horretarako aukera izan, gure klase ordua ez baitator bat kataluniarren orduarekin.
Ezer baino lehen, haurren etapa ebolutiboak azaltzen dituzten power pointak aurkeztu dizkigu, haurren marrazkiak nola aldatzen diren eta etapa bakoitzean egindakoa nola begiratu behar den ikas dezagun.
Ondorengo zeregina teknografiarekin jarraitzea izan da. Azken grabaketekin bideoa osatu dugu eta abestiak hautatzen hasi gara, eta uste baino zailagoa izan da hori, ez dugu lortu gure ideiarekin bat datorren abestia aurkitzea, ez gara ados jarri… Azkenean, hala ere, ideia berri bat bururatu zaigu, bertso bat egin, grabatu eta hori ipintzea. Beste lan bat gehiago, bertsoa egitea, ez da erraza izango…

APIRLAK, 30 (ostirala)

Lehenik eta behin Mikel Laboaren proiektuaren berri eman digu, plastikan zer egingo dugun azalduz. Musikan Mikel Laboaren abesti bat esaiatzen gabiltza, instrumentu ezberdinekin, dantza eginez… Hemen, berriz, eskulturaren bat, marrazkiren bat… egin behar digula esan digu eta horretarako, ideiaren batean pentsatzen hasi beharko dugu, beraz.
Gero teknografiarekin jarraitu dugu jo eta su! Bertsoa egin dugu, baina laguntza apur bat jaso dugu, saiatu arren ez genuen lortzen bertsoa borobiltzea, errimak, neurria… gauza gehiegi ohituta ez gaudenontzat, bertsoa, hori bai dela artea! Bertsoa grabatu dugu gaur hasteko! Barre algarak tartean izan arren, lortu dugu grabatzea eta ondoren, bideoa osatzen jarraitu dugu, abestiak ere hautatu ditugu azkenean eta horiek ere bideoan ipini ditugu. Tarteal esalditxo bat edo beste falta zaigu, baina gaurko honetan ez daukagu gehiagorako denborarik, beraz, hurrengo batean jarraitu beharko dugu!

APIRILAK 23 ostirala

Gaur Estitxu ez da etorri, baina ordenagailu gela irekita izan dugu teknografiarekin jarraitu ahal izateko. Lehenengo zatia amaitua dugu eta beste zatiekin hasiko gara. Non gaude? Tartea laburra da eta hori segituan egin dugu, abestia oraindik hautatu ez badugu ere. Ondoren bigarren zatiarekin hasi gara, ideia batzuk bagenituen eta argazki batzuk ere bai gaurko aterata, beraz, bideoaren hirugarren zatiari hasiera eman diogu. Argazkien zatia amaitu dugu, efektuak jarri dizkiegu, ordenatu… eta abestiaren hautaketa hurrengo baterako utzi dugu, argazkien ondoren etorriko denean pentsatzen hasi gara. egun ona izan da gaurkoa ikusten denez, ondoren zer etorriko dugun erabaki dugu eta, arratsaldean geratu gara grabaketa egiteko!

APIRILAK 13-16

APIRILAK,13 (asteartea)
Gaurko egunerako Bartzelonako Arte Ederretako ikasleekin hitzordua genuen skype bidez eztabaida antzeko bat egiteko. Horretarako, aurrez blog bidez harremanetan jarri ginen galdera batzuei erantzunez eta besteen erantzunak irakurriz, ea gutaz ze pentsatzen zutela uste genuen, ea guk zer pentsatzen genuen eurei buruz…
Gelara iritsi eta Estitxuk ipinitako gosaria mahai gainean genuen: batidoa, zukua, gailetak… ze goxoa!! Bi gelakoak bildu eta mahaietan eseri ginen, pantailan genituen kataluniarrak. Aste Santuko oporretatik iritsi berriak ginen eta zertxobait galduta geunden, idatzi geunden, eta horrez gain, gazteleraz hitz egin beharrak asko mugatu gaitu, lotsa… Kataluniarrak izan dira gehien hitz egin dutenak, ez dakigu, irekiagoak direlako edo klaseak gu baino astebete lehenago hasi zituztelako eta prestatuago zutelako, baina… euren aldetik parte hartzea handiagoa izan zen. Hala ere, gure gelakide batzuk animatu ziren eta ondo asko azaldu zuten euren iritzia! Gu besteek ziotena entzuten egon ginen, eta gustura gainera!

APIRILAK, 16 (ostirala)
Gaur teknografia egiten aritu gara. Nondik gatoz? Zatia osatzeko beharrezko genuen materiala eskuetan genuen (bideoak grabatuta, argazkiak aterata, abestia hautatuta…), beraz, bideoa osatzeari ekin diogu, efektuak jarri, bideoak moztu, argazkiak ordenatu, esaldi egokiak prestatu… Orain bai, oraingo honetan itxura polita hartu du lehenengo zatiak, hurrengoan beste zatiarekin hasteko prest gaude beraz, ederki!

MARTXOAK 9-12

MARTXOAK, 9 (asteartea)
Gaurko klasea bi bideo ikusiz hasi dugu. Bideo hauetan artea eta plastika lantzeko modu ezberdinak ikusi ahal izan ditugu. Zehazki esateko, lehenengoa, Richard Serraren lan batean oinarritutakoa zen, praktiketako ikasle batek bost urteko haurren gelan burututako proiektu baten berri ematen duena. Bideo honekin konturatu gara plastika margoketa eta eskulana baino zerbait gehiago dela, haratago doan zerbait. Bigarren bideoa Zarauzko eskolan prkatikak egin zituen ikasle batek burututako ekimen batean oinarritu da. Bertan, eguraldi oneko arratsalde batea ikasleek Zarauzko hondartzara eginiko irteera ikusten da, inguruak margotzeko xedez. Aurrek euren materiala hartu (orria eta margoak) eta inguruneaz baliatu dira plastika lantzeko, bakoitzak bere erara, inongo azalpenik eman gabe, eurek inguruan ikusten dutena paperean islatzen saiatu dira.
Bideoaren ondoren, teknografiarekin jarraitzeko tarte bat izan dugu. Teknnografiak gero eta itxura hobea du egia esan, ideiak elkarren artean erlazionatzen hasi gara eta bideoaren lehenengo zatia gutxi gorabehera martxan daukagu. Grabaketak klasez kanpo egin beharrekoak dira, beraz, gelako denbora ideiak sortzeko aprobetxatu dugu.

MARTXOAK, 12 (ostirala)
Loiolako Arteleku museora irteera egin dugu gaur. (Martxoaren 31n publikatua)

MARTXOAK 2-5

MARTXOAK, 2 (asteartea)
Gaurko saioak bi zati izan ditu.
Lehenengo zatian, artikulu batzuk irakurri ditugu eta talde txikian hauei buruz hitz egin dugu, ideia eta iritzi batzuk azpimarratuz. Jarraian, talde bakoitzak bere iritzia, bitxia iruditu zaiona… aipatu die beste gelakideei, ideiak elkartrukatzen aritu gara.
Bigarren zatian, bideoarekin jarraitu dugu jo eta ke lanean. Pixkanaka ari gara itxura apur bat ematen bideoari. Zenbait ideia albo batera utzi behar izan ditugu, ez baitugu jakin horien nola ipini edo islatu bideoan. Hala ere, ideia berriak sortu zaizkigu eta horiekin lanean hasi gara.

MARTXOAK, 5 (ostirala)
Koldo Mitxelenara irteera egin dugu gaur. Bertara iritsi eta bertako arduradunak hitzaldi bat eskaini digu, artea garaikidea nola lantzen duten azalduz, nolako erakusketak izaten dituzten esplikatuz, material pedagogikoa nola prestatzen duten esanez… Aipatu digu, 11 urtetik beherako haurrek ezin dutela bertara joan eta honenbestez, Haur Hezkuntzako haurrekin ezingo ginateke bertara joan, dena den, webgune batzuen berri eman digute artea haurrekin nola landu daitekeen azaltzen dutenak.
Hitzaldiaren ondoren, esposizio batera joan gara; egia esan nahiko galduta sentitu gara, ez genuen ikusitako ezer ulertzen hasiera batean. Hala ere, emandako azalpenei esker zertxobait ulertu dugu. Gutako bi ez ginen sekula bertan izan eta gutako bat aurrez bertan egonda bazegoen ere, ez zekien hainbeste baliabide eskaintzen zituenik, liburutegi soil bat zelakoan zegoen. Irteera beraz, oso aberatsa eta interesgarria iruditu zaigu!

OTSAILAK 23-26

OTSAILAK, 23 (asteartea)
Aurreko egunetan eskainitako materialetan oinarrituz, aurreko egunean hasiera eman genion gidoitxoa osatzen jarraitu dugu. Zailtasunak zailtasunen atzetik, egia esan nahiko galduta gaude, ideia asko ditugu, baina horiek bideoan nola islada ditzakegun pentsatu beharrean gaude. Eta pentsatu eta pentsatu ari gara, baina… aze buruhaustea!! Espero dugu apurka-apurka gure ideiak elkarlotuz joango garela…

OTSAILAK, 26 (ostirala)
Gaurko klasean artikulu bat irakurri dugu, garai bakoitzean plastikaren arloa lantzeko legeei buruzkoa eta behin hori irakurrita, gure burua garai batean kokatu dugu. Jarraian, proposatuko genituzkeen aldaketak zerrendatu ditugu eta baita aldaketa horiek burutu ahal izateko zenbait jardueretan pentsatu ere. Ondoren, artikuluaren laburpentxo bat egin eta aldaketak eta jarduerak batu ditugu, iruzkin bat idatziz. (Martxoaren 23an publikatua)

OTSAILAK 16-19

OTSAILAK, 16 (asteartea)
Gaurko klasean bi jarduera burutu ditugu.
Alde batetik, aurreko klasean bakoitzak egindako autobiografia taldekideen artean komentatu dugu. Bakoitzaren esperientzia, ikastetxe ezberdinetan ikasi arren, oso antzekoa zela ohartu ginen, azken batean, gero eta helduagoak izan plastikarekin izandako lotura gero eta txikiagoa izan dela eta gure ikastetxetan ez zitzaiola behar adina garrantzi eta denbora eskaintzen irakasgai honi. Gauzak horrela, hiruron autobiografietatik ideia amankomunak atera eta autobiografia bateratu bat idatzi dugu. (Otsailaren 23an publikatua)
Bestetik, “El papel de la formación en las historias de la vida docente” artikulua irakurri dugu eta jarraian, testuko ideia nagusiak atera eta horiei buruzko gogoeta egin. (Otsailaren 23an publikatua)

OTSAILAK, 19 (ostirala)
Klaseari hasiera emateko bi bideo ikusi ditugu. Bideo hauek iazko urteetako ikasleek egindako teknografiak izan dira, geurea egiten hasi aurretik ideia batzuk har ditzagun. Lehenengo bideoan protagonistaren heziketaren inguruko ibilbidea kontatzen du eta bigarrenean, ikasle batzuek sormenaren inguruan izan duten esperientzia adierazten zuten.
Bideoa ikusi ostean, etxetik ekarri genituen eskulanak elkarri erakusten haritu ginen, bakoitzak ikastetxe ezberdinean ikasitakoak garenez, lanak ezberdinak baitira.
Eskulanak ikusi ondoren, bideoa nola egin pentsatzen hasi gara. Denon artean ideia batzuk aipatu ditugu eta gidoitxo bat egin.

OTSAILAK 12 ostirala

Gaurko klasean taldekide bakoitzak bere bizitzan plastikarekin izandako esperientziari buruzko autobiografia egin du, iaz Garapen Psikomotorean Luisperekin egin genuen bezala. Honek, gure bizipenei buruzko hausnarketa egiteko aukera eman digu, garai haiek ahaztuak genituelakoan geunden, baina ez, Lehen Hezkuntzatik aurrera plastikarekin izandako loturaz ondo asko gogoratu gara!
Gero bideo bat ikusi dugu eta bideoari buruzko iruzkin bat idatzi gure bloga estreinatzeko! (Otsailaren 12an publikatua)