90. hamarkadan jaio ginela kontuan izanda, gure hezkuntza artistikoa eta ikus kultura LOGSE legean oinarritu zela esan dezakegu. Honen arabera, hezkuntza imajinen komunikazio eta hizkuntzetan oinarritzen hasi zen, gure arloko edukiak zabalduz: kartelak, diseinua, argazkilaritza eta komikia. Horrez gain, imajinak irakurtzeko gaitasunean heztea garrantzi handia hartzen hasi zen eta ondorioz, lanak ikus-pertzepzioan eta imajinaren oinarrizko elementuetan oinarritzen hasi ziren, besteak beste.
Gure kasuan, hezkuntza artistikoa gidatuegia zela esan dezakegu, askatasun gutxikoa, muga ugarikoa. Izan ere, gure kabuz esperimentatzeko eta pentsatzeko aukerak oso urriak ziren, irakasleak esaten zigun zer eta nola egin. Horregatik, egin behar dugun horretan pentsatzeko aukera eta denbora ematea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Hala ere, horrek ez du esan nahi irakasleak zer irakatsi ez duenik; bere lana izango da haurraren pentsatzeko eta lan egiterako orduan, baliabide eta laguntza egokiak ahalbideratzea, giro aproposa bermatuz. Gehienbat bakarkako lana zen gurea; horregatik, beste ikasleekin batera aritzeko (gure ideiak adierazi, besteenak entzun…) aukera hori faltan bota genuen.
Hortik abiatuta, egingo genituzkeen aldaketetako batzuk honako hauek dira:
Elkarrekintzan oinarritzea.
Baliabide material egokia izatea.
Formakuntza egokia jasotako giza baliabideak izatea.
Barneko emozioak kanporatzeko aukera ematea.
Pentsatzeko askatasuna izatea, pentsatzen ikasteko aukera izatea. Sormena eta irudimena lantzeko aukera handiagoa izatea.
Eredu bat baino gehiago ontzat ematea.
Behar adinako denbora eskaintzea, bakoitzaren erritmoa errespetatuz.
Aldaketa hauek guztiak lantzeko honako jarduera hauek proposatuko genituzke:
· Mota ezberdinetako materiala jarriko dugu haurren eskura eta libreki nahi dutena egiteko aukera emango diegu. Esaterako, animaliak lantzen ari bagara, ez genioke esango zein animalia egin eta nola. Haurra bera izango da egin nahi duen animalia hori hautatu eta nola egin pentsatuko duena.
· Paper handi bat eta tenperak eman haurrei eta eskuak bertan bustiz, euren emozioak kanporatzeko aukera ematea.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)

No hay comentarios:
Publicar un comentario