Bideo honetan Ken Robisonek haurren talentua ez dugula aprobetxatzen dio. Bere ustez, sormena alfabetatzea bezain garrantzitsua da eta ondorioz, hezkuntzan landu beharrekoa.
Gu ere guztiz ados gaude berak esaten duenarekin, oso garrantzitsua iruditzen baitzaigu haurrek beraien irudimena lantzea, besteen irudimenetik ikastea eta irakaslearen laguntzaz duten talentuari probetxua ateratzea.
Guk bizi izandakoari dagokionez, nahiz eta asko ez garen gogoratzen, esan dezakegu sormena batez ere jolas librean lantzen genuela, atsedenaldian. Bestelako ekintzak (gela barrukoak, batez ere) irakasleak gidatzen zituen eta haurrok ez genuen aukerarik geure irudimen hori lantzeko. Irakasleak esaten zuen zer egin eta nola egin. Gaur egun, berriz, pixkanaka gauzak aldatzen ari direla ikusi ahal izan dugu praktiketan. Izan ere, haurren iritziak, aurreikuspenak, ideia berriak… gehiago hartzen dira kontutan. Honen adibide dugu, esaterako, irakasleak, fitxa bat egin aurretik, bertan zer egin beharko duten asmatzeko aukera uztea. Ea, zer ikusten duzue fitxa honetan? Zer egin beharko dugu? Horrela haur bakoitzak iruditzen zaiona esateko aukera du eta besteena entzutekoa ere bai. Hala ere, esan behar da era honetan irudimena ez dela modu aske batean lantzen, azken batean, jarduera nola egin behar den finkatuta baitago. Bestalde, zenbait hormairudi irudimena eta sormena lantzeko egokiak direla iruditzen zaigu. Esaterako, gu praktiketan egon garen denboraldian, San Tomas eguneko hormairudiaren lanketa ikusteko aukera izan genuen eta bertan haurren uste eta iritzi guztiak baliogarriak direla konturatu ginen.
Gaur egun dena erraz eta eskura dugunez, gure gizarte honetan sormenak eta irudimenak gero eta leku gutxiago duela iruditzen zaigu. Hau hein handi batean, “batzuen” interesen ondorio dela uste dugu, hauei denok berdinak, isilak eta esanekoak izatea komeni baitzaie. Horregatik, haurrei beraien nortasun pertsonala garatzen lagunduko diegu, norberaren irudimena eta sormena oinarri hartuz.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)

No hay comentarios:
Publicar un comentario